XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ni artean Eddie Homer nintzen, hiri gizona, jokalaria eta zaldi apostularia.

Handik ez luzera benetako Eddie Homer itzuliko zen; hark bertan Krassy eta biok harrapa gintzaken pentsatze hutsak lokamutsak pizterazten zizkidan.

Gauzek gainezka egiten dioten mutikoaren gisan, ezin niezaiokeen errealitateari aurre egin; ezin berezi benetakoa eta fikzioa... zeintzuk ziren gezurrak eta zein zen egia... hain zegoen dena nahastuta Krassyren eta neronen bizitzan non jarraitu nuen atzeratzen erabaki bat hartzeko unea.

Ez nintzen ausartzen Krassy nire bizitzatik betirako apartatuko zuen ezer egitera.

Arratsalde batez Krassy azaldu zen, begiak distiratsu zeuzkala begizulo haundi batzuetan, eta iruditu zitzaidan aurpegia haundituta zeukala.

- Eddie, laztana -galdetu zidan-, zer egingo diagu orain?

- Esan ninan -esan nuen.

Utzi ezan Powers eta hator nirekin bizitzera.

- Hortaz hitzegin diagu... lehen ere.

Beldurtuta negok berarekin, Eddie... hiregatik eta niregatik.

Begietan musukatu nuen eta niregana ekarri nuen.

Bere gorputza dardarka senti nezakeen.

- Ez hadi nitaz kezkatu -esan nion.

Hik nahi dunana egingo dinagu.

- Badakik, Eddie, egin dezakek zerbait..., umekeria zirudik... baina hain zoriontsu egingo nindukek.